Aurkezpena

 

1997an sortu zen EMUN lan mundua euskaraz garatzeko hizkuntza zerbitzuen aholkularitza eskainiz. 2010az geroztik, hizkuntza zerbitzuaz gain, immigrazio eta kultura arloetan ere bagabiltza.

Kultura zerbitzuei eskaintzen diegun gunea da kulturaga.com eta  kultura kudeaketaren inguruko leihoa izateaz gain,  gaiaren inguruko informazioa eman, materiala zabaldu eta albisteak helaraziko dituen gunea izango da.

Kultura, bere zentzu osoan ulertu behar da, sortzen denetik eta zabaltzen den arte, eta eremu bakoitzari bere espazioak eman behar zaizkio. Kultura bere ikuspegi osoan hartu eta garatzeko, epe luzera begirako norabide bat behar da. Pausoak helmuga zehatz baterantz eramaten lagunduko digun ikuspegia eta norabidea. Etorkizunean herri edo kultura espazio horrek zein paper jokatu nahi duen aztertuta eta zehaztuta, bide horretan urratsak eman ahal izango dira.

Zerbitzuen atalean zehaztu dugu kultura arloan eskaintzen ditugun produktuak eta zerbitzuak.

Kultura nola ulertzen dugun

Kultura nortasunarekin erabat lotua dago, geure burua zerekin identifikatzen dugun. Aniztasuna baloratu eta errespetatzen dugu Emunen eta kultura desberdinetako ezaugarriekin osatutako kultura unibertsoa irudikatzen dugu. Kultura propioaren oinarriak sendo izanik, kanpoko elementu berriekin osatzen joango da behar eta funtzio berriei erantzuteko.

Programazio irizpideak Udalak aurrera daraman kultura politikaren isla eta praktika dira. Kultura ekintzak programatzerakoan, kultura jakin baten sustapena potentziatzen da eta programatzen ez dena, albo batera uzteko arriskua dago. Programa horrek baldintzatzen du herriak jasoko duena eta ez duena, beraz, beharrezkoa da horren gaineko hausnarketa bateratu bat bultzatzea.

Herritarrak elkarte edo sareetako parte dira, bertan daude antolatuta eta egituratuta, eta herritarren parte-hartzea lortu nahi dela esaten denean guzti horren koordinazioaz ari gara. Horretarako bereziki landu beharko dira instituzioen eta gizartearen arteko harremanak, elkarlana, komunikazioa eta parte-hartzea oro har.