Europako Kultura eta balio kulturalen gaineko azterketa

Ostirala, 2012ko azaroaren 23a

 

 Jose Manuel Barroso Europako Batzordeko lehendakariaren esanetan, kultura eta sormena garapen pertsonalerako, kohesio sozialerako eta hazkunde ekonomikorako motor garrantzitsuak dira. Lehendakaritzaren ustea hori bada ere, 2006an Europako Batzordeko Hezkuntza eta Kultura Zuzendariak ikerketa bat eskatu zuen Europako biztanleen kultura eta balio kulturalen inguruan zuten iritzia ezagutzeko.

Azterketa horretan 27 herrialdetako 27.650 hiritarrei, tartean Bulgariakoak eta Errumaniakoak zirela,  Eurobarometroaren inkesta pasa zitzaien kulturako hainbat arlori buruzko galderekin: kultura kontzeptuaren esanahia, europar kulturaren pertzepzioa,  europarrek partekatzen dituzten balioen eta balio bereizgarrien arteko lotura…

Ikerketa horretatik ondorio nagusi hauek atera dira:

  • Europarren %77k uste du kultura oso garrantzitsua dela euren bizitzan, eta artea eta kulturari buruzko interesa erakusten dute. Norberaren herriko kulturan %69k du interesa; Europako beste herrietako kulturan %57k, eta munduko kulturan %56k.
  • Europarrek kulturaren arlo batzuk komunean dituztela pentsatzen du %67k, eta era berean dibertsitate handia dagoela onartzen du. Beste %32k esaten du ez dagoela kultura europarrik eta are gutxiago konpartiturik.
  • Globalizazioa kulturaren ikuspuntutik aukera bat da %58rentzat, baina beste %53k mehatxu bezala ikusten du.
  • Europarren %61ek uste du oinarrizko bi balio hauek zaindu behar direla: bakea eta natura, eta ingurumenaren errespetua.
  • Kulturak eta kultur trukaketak balio handia dute Europarrarentzat, %89 eta %88 hurrenez hurren.
  • Heziketak garrantzi handia du, eta eskoletan hizkuntzak erakusteak europarrak hobeto elkar ezagutzen lagunduko du. Europarren %60k ikasiko luke beste hizkuntza bat.
  • “Kultura” hitza artearekin lotzen du %39k; %24k literatura, tradizioa, hizkuntzak eta ohiturak  aipatzen ditu.
  • Kultur ekimenetan parte hartzen dutenak normalean gazteak dira, hirietan bizi dira eta goi ikasketak dituzte. Kultur ekimenetara ez doazenek, berriz, denbora falta aipatzen dute (%42).
  • Internet kulturara iristeko oso tresna egokia dela esaten dute.

 

Erantzun