Ekintza kultural baten ebaluazioa

Asteazkena, 2013ko urriaren 16a

 

Izenburu horixe izan zuen UEUk uztailaren 11n eta 12an Baionan antolatu zuen ikastaroak.

Irakasle lanetan Eric Dicharry Lavie antropologoa aritu zen, idazlea, ikerlaria eta artista ere badena eta ikastaroaren ardura duena.

Gaiak eta irakasleak erakarrita, Emunetik Baionarako bidea hartu genuen ekintzen ebaluazioaren inguruan bere ikuspegia ezagutzeko asmoz.

Nondik datoz ekintzen ebaluaketak?

Eric Dicharry ebaluaketak bere horretan nondik datozen azalduz hasi zen. Jatorria Estatu Batuetan dago. 1930. urte inguruan ikastetxeen programak ebaluatu nahi izan zituzten metodo kuantitatiboen bidez. Programa horiek eragina zuten ala ez neurtu nahi zuten, helburuak lortu ziren ala ez.

60, 70 eta 80. hamarkadetan Ipar Europan hasi ziren ebaluaketak egiten, kasu horretan administrazioaren eta gobernuen programak ziren neurtu nahi zirenak. Arlo publikoa modernizatzea zen helburua.

Ondoren unibertsitateak hasi ziren ebaluaketen gaia lantzen eta hainbat liburu argitaratu zituzten, ebaluaketak egiteko metodologiak proposatuz.

Beraz, ebaluaketak gorpuzten joan ziren denborak aurrera egin ahala, ordura arte administrazioaren bueltan. Horrela, ebaluaketaren inguruan adjektibo batzuk sortzen joan ziren: independentzia, bermea, zehaztasuna, gaitasuna, transparentzia eta aniztasuna, besteak beste. Ordurako, Frantzian “politika publiko bat ebaluatzea bere eragin propioak ezagutzea eta neurtzea da” esana zuen ikerlari talde batek.

Ebaluaketa kultur ekintzetara ekarriz

Gaiaren kokapena egin ondoren, Ericek bere adibide praktiko bat erabiliz ekintza kultural baten ebaluazioa nola egin zuen azaldu zuen. Mila galdera sortu zitzaizkigun: ebaluaketa kuantitatiboa ala kualitatiboa izan behar da? Nola neurtzen da ekintza kultural batek amesteko ematen duen gaitasuna? Besteak beste.

Ericek adierazi zuenez, askatasuna, amesteko gaitasuna edo eragin soziala neurtzeko, gizarteak dituen erronkak, aniztasuna barneratzeko nahiz bakarrik hausnartzeko gaitasuna, eta horrelako nozioak ikertu beharko genituzke. Horretarako ebaluaketa kualitatiboa egin beharko genuke.

Ericen arabera, ebaluaketa kualitatiboa diskurtsoaren hausnarketatik eta deskribapenetik etorriko da, eta beraz, ekintza barnetik ikertu beharko genuke. Behaketa partehartzailea deitu zion horri Eric-ek.

Helburuak: nola ebaluatu ekintza kultural bat?

Sorkuntza prozesu osoa aztertu beharko genuke eta aurrez jarri diren helburuak zein neurritan bete diren ikertu. Ericek dioenez, ez dugu ahaztu behar ebaluazioaren xedea sorkuntza prozesua eta antolaketa hobetzea dela.

Baina zalantzak ere atera ziren. Ebaluaketa objektiboa izan daiteke? Ebaluaketak egiturak egin duen lana kritikatzen badu, zer gertatuko da? Nork ordaintzen du ebaluaketa? Horregatik, ebaluaketa etengabeko azterketen pean egon beharko da, egiten dena justifikatzeko tresna bilaka ez dadin. Era berean, ebaluatzaileak ere bermeak izan beharko ditu bere lana modu objektiboan egiteko.

Bukatzeko

Ericentzat ebaluatzeak ez du bakarrik neurtzea esan nahi. Ebaluatzeak balioak mahai gainean jartzea esan nahi du. Balioak ikertu, galdekatu. Beraz, sortzaileek defendatzen dituzten balioetatik abiatu behar da, eta ikertzaile gisa, aipatu du, ezin duela ekintza kultural bat lurraldearen erakargarritasunaren arabera ikertu, sortzaileen balioen arabera baizik.

 

Hizlariaren hitzak entzun nahi izanez gero, bideo hau ikus dezakezu.

Erantzun