Euskal kulturaren inguruko graduondo eta ikastaro interesgarriak

Asteazkena, 2013ko martxoaren 6a

 

Krisi garai honetan, kultura, arlo guztietan ari da jasaten murrizketak. Besteak beste formazioan, baina kultur goseari erantzunez, zenbait ikastarok aurrera jarraitzen du eta lerro hauetan ikasturte honetan martxan dauden ikastaro batzuen berri emango dizuegu: Mondragon Unibertsitatearen HUHEZI fakultatean 2012-2013 ikasturtean Euskal Kulturgintzaren Transmisioa gradu-ondokoaren IV. edizioa, eta EHU/UPVko Atzerriko unibertsitateetan euskara eta euskal kultura irakasteko prestakuntza ikastaroa. Excellence in Basque Studies (ii) online ikastaroa.

 

Euskal Kulturgintzaren Transmisioa gradu-ondokoaren IV. edizioa 2012ko urrian hasi zen eta 2013ko ekainean amaituko da. Beraz dagoeneko aritu eta aditu asko pasatu da beren ezagutzak eta esperientziak transmititzera. Komunikabide euskaldunek jarraipena egiten diote bertan aipatutakoen zabalkundea eginez. Horrela, saio bakoitzeko honako informazio hau aurki dezakegu sarean: Berria egunkarirako artikuluak, eta Euskadi Irratirako gonbidatuen elkarrizketak. Bestalde, HUHEZIk berak ere, saio bakoitzeko laburpenak sareratzen ditu bideo formatuan. Beraz, edozeinen eskura jarri dute material interesgarri eta baliagarri hau.

EHU/UPVek 5 aste iraungo duen ikastaroa jarri du martxan. Xabi Payak zuzenduko du Atzerriko unibertsitateetan euskara eta euskal kultura irakasteko prestakuntza ikastaroa. Excellence in Basque Studies (ii) eta online izango da. Ikasturte honetan bi alditan izango da: lehena hasita dago dagoeneko eta bigarrena apirilean egingo da. Hauek izango dira bertan landuko diren gai nagusiak: a) Euskal ikasketak, kultur ikasketak eta Iberiar Penintsulako kulturen esparrua, b) Euskara bigarren hizkuntza gisa, c) Euskal ikasketen gai nagusiak: hizkuntza, antropologia, historia, zinema eta literatura, eta d) Euskal ikasketen lanketa atzerrian: proposamen praktikoak.

Beste ikastaro batzuk ere badaude martxan. Adibidez etorkinei zuzendutakoak, baliagarriak izan daitezkeelako euskara eta euskal kulturara hurbildu daitezen, hala nola Sakanara lanera joan direnentzat eskualdeko mankomunitateko euskara zerbitzuak antolatutakoa.

Erantzun