“Euskal kulturaren norabidea eta lehentasunak zehazteko gunea martxan jarri behar da”

Asteazkena, 2014ko martxoaren 12a

Aurreko sarreran Geuk gEUre Kulturaz topaketaren berri eman genuen, Emun ere bertan egongo zela esanez. Oraingoan topaketan bizi izandakoa ekarri dugu eta parte hartu genuen taldeetan gailendutako hausnarketak azaldu ditugu, besteak beste, euskal kulturaren norabidea eta lehentasunak zehazteko gune bat martxan jartzea.

Gune irekia izeneko metodologiak edonork edozein gai proposatzeko aukera ematen du, eta guztira 30 gai inguru proposatu ziren. Ondoren, bakoitzak gai bat aukeratu eta talde horretan parte hartu zuen, goizean bi taldetan eta arratsaldean beste batean. Gaia proposatzen zuenak koordinatu behar zuen taldea.

Ikuspegi orokor batetik begiratuta, euskal kulturarekin lotutako gaiak nagusitu zirela esan daiteke: zein den euskararen lekua euskal kulturan, kultur jardueren tamaina euskal kulturan, bertako kulturari edo sormenari dagokion lekua, nork, nola eta non erabaki dezakeen zer den estrategikoa euskal kulturarentzat, hizkuntza politika eta kulturgintza… Baina, horrez gain, sormenak, baloreek, kudeaketak, kontsumoak, kultura komunitateek, hezkuntzak eta teknologiek ere izan zuten lekua.

Emunek honako hiru taldeetan parte hartu zuen:

  • Nork, nola eta non erabaki daiteke zer den estrategikoa euskal kulturarentzat.
  • Hizkuntza politikaz eta kulturgintzaz. Hizkuntza atxikimenduan kulturgintzak duen garrantziaz.
  • Euskal kulturarentzat arnasguneak derrigorrezkoak al dira?

Hirugarren hori Emuneko Enrike Letonak proposatutako gaia izan zen, eta beraz, berak gidatu zuen taldea. Hizkuntzaz eta zehazki esanda euskaraz hizketan aritu ziren batez ere. Herri euskaldunetan arnasgunea herri osoa izan behar dela aipatu zen, baina herri eta hiri erdaldunetan hasiera batean euskararentzat eta euskal kulturarentzat hegemonikoak izango diren gune txikiagoak nahitaezkoak direla gaineratu zen gero.

Hizkuntza politikari eta kulturgintzari dagokionez, konturatu ginen behin eta berriz errepikatu zela aspaldiko kezka bat: zer da euskal kultura? Euskaratik eta euskaraz sortutakoa al da? Emunen uste dugu euskal kulturaren ardatza euskara dela, eta horri eusteak garrantzia izango duela hainbat kultura handiz inguratuta aurrera egiteko garaian.

Lehenengo gaiari dagokionez berriz, behin eta berriz aipatu zen euskal kultura funtsezkoa dela eta ezin garela norbaitek zerbait egingo zain geratu. Horri gaineratu zitzaion euskal kulturaren norabidea eta lehentasunak zehazteko gune bat martxan jartzea ezinbestekoa dela, eta bertan egon ginenak lan horretan has gintezkeela esan genuen. Emunek ere bat egin zuen horretan.

Kezkak kezka, jendea ematera etorri zen eta hausnarketa politak jaso ziren. Guztien gainetik aurrera egiteko sentimendua nagusitu zen Durangoko San Agustin Kultur zentroan, errespetuaren bidetik hasi eta jarraitzeko asmoz. Ea berriz elkartzeko modua egiten dugun eta ideiak biribiltzen hasten garen. Emun bertan izango da, ziur!

Erantzun