Euskal kulturari buruzko formazioa IRALEn Emunen eskutik

Asteazkena, 2013ko urtarrilaren 9a

 

Kulturaren sektorean erakunde, elkarte, norbanako, eragile eta abarrek hartzen dute parte eta hezkuntza ere ez da at gelditzen. Eskolako irakasleek rol garrantzitsua betetzen dute. Behar honi erantzun nahian eta IRALErekin elkarlanean, EMUNen formazio eskaintza prestatu dugu maila ezberdineko curriculumetan euskal kultura txertatzeko laguntza eskainiz.

Eskoletako irakasleei zuzendutako euskal kulturaren inguruko formazioa prestatu dugu. Gai sakona da eta ordu ugari eskaini dakiokeen arren, hasiera izan daitezkeen 10 eta 15 orduko bi tailer prestatu ditugu. Tailer horiek IRALEk eskaintzen duen moduluaren barnean sartu dira, “Curriculumaren euskal dimentsioa” H407 multzoan hain zuzen ere.

Nola definitzen dugu kultura? Zeintzuk dira euskal kulturaren berezitasunak? Gure txikitasunetik zer eskaini diezaiokegu munduari? Nola landu euskal kultura gelan? Galdera horiei eta beste batzuei erantzuteko asmoz ondorengo bi tailerrak prestatu ditugu:

  • Kultura ikuspegi zabaletik euskal kulturara: hastapena => kultura motak, euskal kulturaren elementuak eta balioak, historia soziala, euskara, sormena, euskal kultura ikastetxeetan eta gure geletan (praktika onak), ikastetxeetan landu beharreko gutxienekoak, etab.
  • Kultura ikuspegi zabaletik euskal kulturara: garapena => kulturako sektoreak, balio katea, sormena sustatzeko baldintzak, kultur aniztasuna, kulturako azpiegiturak, herri-jakintza, ekoizpena-ondarea-prozesuak, transmisiorako tresnak, beste ikastetxe edo erakundeetako esperientziak, etab.

Metodologiari dagokionez tailerrak praktikoak dira, bertan landutakoa ikasgelan aplikatzea lortu nahi dugu, horregatik ikasketariek erabakiko dute zein izango den azken emaitza eta horra bideratuko dira saioetako ariketak. Beraz teoria eta praktika uztartuko ditugu gure ezagutza konpartituz eta handituz.

EMUN eta IRALEren arteko harremana ez da mugatzen kulturara eta euskal kulturara. IRALEk EMUNen eskutik TELP tailerrak eskaintzen ditu 2009. urteaz geroztik. 2011. urtean eskaintza hori immigrazio arloko formazio modulu batekin osatu genuen eta aurtengoan kultura arloko bi tailer hauekin borobildu nahi izan dugu.

Erantzun