Herriaren nortasuna, batzen gaituena

Asteartea, 2013ko ekainaren 4a

 

Orioko Curriculuma

EMUNetik, Gipuzkoako Orio herrian aurrera eramaten ari diren egitasmoaren berri eman nahi dizuegu. Herriaren nortasuna eta transmisioa ardatz hartzen dituen proiektu pedagogikoa da, ikastetxearen eremua gainditu eta herritik ikastetxera doana, berriro herrira itzultzeko.

Herritar moduan elkartzen gaituena azpimarratzeko ariketa honek, herriko ezaugarriak nabarmendu eta euskal kulturari balioa ematen dio. EMUNek IRALE programaren baitan garatzen duen ikasgaiaren “Curriculumaren euskal dimentsioa” (H 407) aplikazio zehatza dugu proiektu hau.

Orioko curriculuma herriaren tradizioa, historia, nortasuna eta izaera biltzen dituen proiektu pedagogikoa da. Azken finean, proiektuaren funtsa ikastetxeak dira, «iruditzen zaigulako eta arduratzen gaituelako etorkizuneko oriotar horiei zer transmititu nahi diegun. Transmisio hori eteten ari da, eta horri aurre egiteko garrantzitsua da ikastetxeetan ondarearen transmisioa bermatzea», zehazten du curriculuma egin duen taldeko kide Ruben Iglesiasek, Berriari eskainitako elkarrizketan.

Harria, herria eta irria izan dituzte ardatz ekintzek. Harria-k herriko historia eta istorioak jorratu ditu. Herria-k herritarrak, kolektibitatea, ehun soziala, auzolana eta nortasuna. Eta Irria-k koloreari egin dio erreferentzia; hizkerari, adibidez.

Curriculumean zehaztuko dute herritarrek herriari buruz izan behar duten ezagutza. Orain arte, ez da gutxiengo hori inoiz zehaztu, bakoitzak Orioren pertzepzio bat izan du. Ez da inoiz gutxienekoa bermatu.

Egitasmo interesgarria iruditu zaigu EMUNeko kideoi ere, beharrezkoa, eta beste herri batzuek ere interes bera adierazi diote proiektu honetako lantaldeari.

ORIOKO CURRICULUMA from orioko curriculuma on Vimeo.

Erantzun