Kulturak heziketa eta garapena dakar

Asteazkena, 2012ko apirilaren 4a

 

Askotan kulturarako baliabide gutxi bideratzen da eta horrek kulturari dagokion balioa kentzen dio. Gaur egun bizi dugun egoeran gailentzen ari da kultura gastua dela dioen diskurtsoa eta ez inbertsioa. Kulturak, ordea, pertsonaren, herriaren eta gizartearen heziketa eta garapena dakar; herriari aurrera egiten laguntzen dion tresna da.

Kultura da gizaki batek gizarte baten parte izateagatik dituen konplexuak: ezaguerak, sinesmenak, artea, morala, legeak, erabilerak eta beste hainbat gaitasun. Gizakiaren herentzia biologikoa ez den guzti hori da kultura. Kultura hizkuntza ere bada: ahozkoa, gorputzarena eta idatzizkoa. Beraz, kultura identitatearekin erabat lotua dago, geure burua zerekin identifikatzen dugun.

Kultura sortu, bizi eta gozatu egin behar du herri batek edo gizarte batek. Egungo egoera gainditu eta aurrerapausoak emateak lagunduko digu izan behar duguna lantzen. Etengabeko bilakaera horrek ekarriko du gizartea koherenteki eta bere izaerari eutsiz eraldatzea, garatzea alegia.

Erantzun