Beasaingo elkarteen saretzea

Asteazkena, 2013ko martxoaren 20a

 

2012ko udaberrian Beasaingo Elkarte batzuk (Intxaurpe, Arrano, Aurtzaka eta Lemniskata) herriko elkarteen arteko saretzea eta elkarlana bideratzeko egitasmo bat jarri zuten martxan, EMUN aholkularitzaren laguntza teknikoa eta Beasaingo Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin.

Saretzea burutzea eta elkarlanerako ohitura hartzea ez da egun batetik bestera lortzen den zerbait. Landu egin behar da eta ondorioz, egitasmo hau, epe luzeko proiektu gisa irudikatu behar da, hainbat fase izango dituena.

Hasiera moduan lehentasuna eman zaio gaur egun Beasainen dauden elkarteak ezagutzeari. Hau da, daudenen berri izateari, bakoitzak zer egiten duen ezagutzeari eta horren berri emateari. Horretarako lehen emaitza Beasaingo elkarteen liburuxka izan da. Bertan jasotzen dira Beasaingo 30 elkarte baino gehiagoren datuak, hala nola, harremanetarako kontaktua, lan esparrua, ohiko jarduerak, etab. Liburuxka horren aurkezpena datorren martxoaren 21ean egingo da Beasainen bertan.

Egitasmoarekin jarraitzeko zabalkundearekin segi eta zenbait ekintza zehatz burutu nahi dira, herritarrek ere dauden elkarteak ezagutzeko eta antolatu ohi dituzten ekimenen berri izateko. Ekintza batzuk aipatzekotan ondorengoak nabarmendu daitezke:

  • Elkarteen eguna.
  • Beasaingo Udalaren komunikazio kanaletan (aldizkari, web orri…) elkarteen berri ematea.
  • Elkarteen arteko elkarlana, bizpahiru proiekturen bidez.

Azken horri dagokionez, elkarlanean urratsak emateko bizpahiru proiektu aukeratu eta hainbat elkartetako kideez osatutako lan taldeak antolatu nahi dira, 2013an zehar gauzatzen joateko.

Horixe izan da lehen fase honetako lanketaren emaitza. Aurrerantzean ere jarraituko dugu egitasmo honen berri ematen.

Erantzun