CulturalBox bideoteka birtuala

Asteazkena, 2012ko otsailaren 15a

 

CulturalBox bideoteka birtuala kudeaketa eta politika kulturalaren inguruan hausnartzeko interneteko ataria da. Mila erreferentziatik gora bildu ditu dagoeneko bere biltegian, eta erabiltzaileoi bideo formatuan eskaintzen dizkigu. Sektoreka, bideo motaren arabera eta kultura-kudeaketaren arloen arabera bideoak bilatzeko aukera ematen digun bilatzaile bat du.

Programa de Gestió Cultural de la Universitat de Barcelona-ren baitan sortutako proiektua da, eta bertako Bosch i Gimpera Fundazioak kudeatzen du. Katalanez, espainolez, ingelesez eta frantsesez jarri dute web gunea, eta bideoak lau hizkuntza horietako batean edo gehiagotan ikus ditzakegu.

Interneten erabilgarri dauden bideoklipez osatutako katalogo zabala jarri nahi izan dute kulturako profesionalen eskura. Aipatutako bilatzaileari eta sailkatze lanari esker, modu errazean aurkitu ahal izango ditugu hausnarketak, esperientziak nahiz praktika onak. Interesa duten kulturako profesionalekin, ikasleekin edota adituekin edukiak modu libre batean partekatzeko aukera eskaini nahi izan dute.

Emunekoon iritziz Kulturagara-ko Interesgarriak atalean jasotzeko erreferentzia polita.

Erantzun