EMUN Katalunian izan da kulturako hainbat esperientzia biltzen

Asteartea, 2013ko apirilaren 30a

Apirilaren hirugarren astean EMUNeko kultura zerbitzuetakook Bartzelonan izan gara bi helbururekin:   dagoeneko bertan ditugun eragileekin harremanak indartzea eta harreman berriak egitea.

Bost eragilerekin egon gara: Associacio de professionals de la gestio cultural de Catalunya elkartearekin, Bartzelonako Diputazioko Oficina d’Estudis i Recurso Culturals eta Oficina difusió Artistika sailekin, Sala Flyhard aretokoekin eta Ateneu ABIrekin.

Associacio de professionals de la gestio cultural de Catalunya elkarteak 700 bazkide ditu eta bazkide izateko kultur kudeatzailearen titulua izan behar da edo gutxienez bi urteko esperientzia izan arloan. Praktika profesionala hobetzea dute helburu, formazioa eta laguntza emanez eta esperientziak partekatzeko aukerak eskainiz.

Oficina d’Estudis i Recursos Culturals sailaren helburuak honako hauek dira: sostengu teknikoa, eta dokumentazio-sostengua eskaintzea, eta programa zehatzak martxan jartzea. Bi urtean behin INTERACCIÓ jardunaldia antolatzen dute eta aurten 500 bat parte-hartzaile izatea espero dute. Kulturagaran ere eman dugu jardunaldiaren berri aurreko asteetan.

Oficina Difusió Artística sailari dagokionez, 230 udalekin harremanetan dagoen saila da. Hainbat programa dituzte martxan eta nagusiena antzerki zirkuituena da. Programatzaileentzat formazioa bideratzen dute eta programazioa, komunikazioa eta promozioa ere lantzen dute.

Sala Flyhard aretoan antzerki konpainia txiki batek Kataluniako dramaturgia garaikidea lantzen du. 6 pertsona ari dira lanean produkziotik hasi eta antzezlanetaraino dauden lan guztiak eginez. 40 lagunentzako aretoa dute eta astean bost funtzio ematen dituzte

Ateneu ABI 1909an sortutako ongintzako elkartea da eta 400 bazkide ditu. Ikuspegi soziala eta kulturala lantzen duen elkartea da. Jarduera aldetik programazio finkoa zein aldakorra dute eta tailerrak eta ikastaroak antolatzen dituzte. Finantzazioa bazkideengandik, tabernatik eta jardueretako sarreretatik lortzen dute batez ere eta menpekotasunik gabe jarduteko aukera dute.

Bisita guztietatik atera dugu ideiaren bat Emunen esku artean ditugun hainbat proiektutarako, baina batez ere harremanak landu eta etorkizunean elkarlanean jarduteko bideak irekitzeko balio izan du bidaiak. Gainera kasu guztietan oso harrera ona izan dugu eta lerro hauen bidez guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu.

Erantzun