Gipuzkoako Foru Aldundia: kultura arloa saretzeko egitasmoa

Asteartea, 2013ko otsailaren 5a

 

Gipuzkoako Foru Aldundiak egitasmo bat jarri du martxan, Emunekin elkarlanean. Egitasmoaren helburu nagusia da udalen eta Aldundiaren artean egon daitezkeen elkarlan eta saretze aukerak aztertzea eta adostea. Horren diseinua egiteko hainbat saio egiten hasita gaude dagoeneko bai udalekin eta baita beste arlo batzuetako pertsonekin ere.

Udalerri txikietako kultura zinegotziak, udalerri ertain edota handietako kultura teknikariak, museoetako kudeatzaileak, artxiboetako teknikariak, ondarearen zaintza eta zabalkundeaz arduratzen diren pertsonak… Udalen baitan dagoen kultura arloa anitza eta zabala da, horrek dituen onura eta zailtasunekin.

Zailtasun horiek gertutik ezagutu, aintzat hartu eta gainditzeko asmoarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak egitasmo bat jarri du martxan, Emunekin elkarlanean. Egitasmoaren helburu nagusia ondorengoa da: kulturako arloaren analisia egin, ohiko jarduneko dinamikak ezagutu, sarea osatzeko eta elkarlanerako egon daitezkeen aukerak eta tresnak aztertu eta egokienak aukeratu. Sare hori Gipuzkoako udalen eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamenduaren artekoa litzateke.

Ahalegin hau Gipuzkoako udaletako kultura zerbitzuetako teknikari eta zinegotziekin batera egin nahi du Aldundiak, dauden beharrak ezagutu eta elkarlana nola gauzatu denon artean adosteko. Egitasmoa bera ere bi zati horietan banatuko da: lehen fasean beharrak ezagutu eta bigarren fasean elkarlana gauzatzeko bideak adostu.

Parte hartzeari garrantzia eman zaio eta udaletako kulturako teknikari eta zinegotziei eta artxibo, museo eta ondare alorretako pertsona adituei deialdi zabala egin zaie. Esan bezala, lehen fase honetako helburua kideen iritzia jasotzea da, ohiko egitekoetarako izan ohi dituzten laguntzak eta mugak ezagutzea alegia. Horretarako sei lantalde antolatu dira, hiru kulturaren sustapena eta hedapenari lotutakoak eta beste hiru artxiboen, ondarearen eta museoen alorrei lotutakoak, guztira 90 lagunetik gora.

Bigarren fasean aurrera begira jarri eta elkarlanerako aukerak aztertu eta egokienak adostuko dira. Lanketa hori martxo hasieran izango da.

Aurrerago ere jarraituko dugu ziur oso emankorra izango den egitasmo honen berri ematen.

Erantzun