Gipuzkoako kulturaren saretzeak badu emaitza

Asteazkena, 2014ko otsailaren 19a

Iazko ekainean eman genizuen Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Sailak udaberrian gauzatu zuen ekimenaren berri. Orduko hartan Gipuzkoako udalen eta Aldundiaren artean egon daitezkeen elkarlan eta saretze aukerak aztertu eta adostu ziren. Oraingoan udazkenean egin denaren berri ematera gatoz: saretze aukera horiek egitasmo bihurtu eta Aldundiak emango duen zerbitzua diseinatu eta martxan jarri da Emunen laguntzaz, besteak beste intraneta eta proiektuak egitea.

 

 

Urtez urte egitasmoan martxan jar daitezkeen lan ildoak diseinatu eta probatu dira, beraz, guztiak ere kultur sustapenaren, museoen, artxiboen eta ondarearen beharrei erantzuteko asmoz. Honako hauek izan dira lan ildoak:

–          Egitura: egitasmoa gauzatzeko ardura izango duten guneen definizioa egin dugu.

–          Intraneta: lau arloak integratzen dituen intranet tresna diseinatu, edukiz jantzi eta martxan jarri da.

–          Proiektuak: lantalde bat elkartu eta beharrizan zehatz bati erantzuteko proiektu bat egin da.

–          Formazioa: lau arloen beharrizanak jaso eta formazio planaren oinarriak idatzi dira.

–          Eskualdeko mahaiak: eskualde batean proba egin da, elkarlanean eta koordinazioan jarduteko helburuarekin.

2014an Aldundiaren asmoa izango da egitura martxan jartzea; eta orain arteko lanketa guztiaren emaitza, berriz,  urratsak egiten hastea, egitasmoak sendotasuna eta erreferentzialtasuna har ditzan pixkanaka.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimen hau interesgarria dela deritzogu Emunen, hainbat urtetan arlo ugaritatik egindako eskaerari erantzuten baitio. Bestalde, uste dugu beharrezkoa dela lan egiteko modu berriak abiatzea gaur egun gizarteak bizi dituen aldaketen ondorioz sortutako errealitate berrira egokitzeko, eta bide horretan pausoak ematen hasteko ekimen positiboa da Aldundiarena.

Erantzun