Influencerren eragina kultur joeretan

Asteazkena, 2017ko apirilaren 26a

Artikulu interesgarria irakurri dugu CCCBLAB web gunean. Kultur joera berrietan influencerek zer eragin duten aztertzen du Liliana Arroyo irakasleak.

Ikerketa baten arabera, sare sozialak erabiltzen dituzten 16 eta 55 urte arteko pertsonen %85ek joerak markatzen dituzten eta iritzietan nagusitzen diren pertsonak, influencerak alegia,  jarraitzen dituzte.  Hori horrela, influencer kontzeptuak marketin arlotik beste arlo askotara jauzi egin du. Aintzat hartzen hasi beharko genuke sare sozialetako funtzionatzeko moduak kultur joeretan ere izan dezakeen eragina.

Arroyok zazpi arrazoi eta azalpen ematen ditu influencerak aintzat hartzeko: iritzietan liderrak dira, hierarkia tradizionala apurtzen dute, emozioetan oinarritutako edukiak sortzen dituzte, enpatia erabiltzen dute konektatzeko,  eragina dute inbaditu gabe, komunitate birtualen guruak dira eta  edonor izan daiteke enbaxadore.

Hori horrela, kultur kudeaketan, programazioan nahiz sorkuntzan ari garenok esparru hau ere zaindu beharko dugu joera berriak ezagutzeko, haietara hurbiltzeko… eta zergatik ez, gure proiektuak, proposamenak… indartzeko eta zabaltzeko baliatu dezakegu fenomeno hau.

Erantzun