Kultur espazioen erabilera euskal kultura sustatzeko

Asteazkena, 2014ko martxoaren 26a

Hori da Emuneko bi lankidek Euskal Kulturgintzaren Transmisioa gradu-ondokoa bukatzeko egin duten proiektuaren izena. Inguruan erabilerarik gabeko edo erabilera gutxiko espazioak ikusteak kezkatuta, eta krisi egoeran espazioa nola kudeatu eta zein jarduera antolatu ez dakitenak zeudela ikusita, proiektuari ekin zioten. Proiektua urtarrilerako bukatuta, espazio horiek euskal kultura sustatzeko erabili daitezkeela proposatu dute eta horretarako gomendio batzuk eman dituzte. 

Gomendioak emateko ezagutu ere egin behar da eta hori izan dute lehenengo lana Naroa Olaldek eta Uxune Alustizak. Emun barnean eta batez ere kanpoan dagoen ezagutza bildu eta aztertu dute, adituek eta arituek diotena uztartuz. Inguruko eta urrunagoko hainbat espazio ere aztertu dituzte, eta lekukotasun zuzena jasotzeko hainbat espaziotako kideekin elkarrizketak egin dituzte.

Ondoren, jasotako esperientzia eta ezagutza guztia bateratu eta ondorio gisa espazioetan euskal kultura txertatzeko aholkuak eman dituzte, sei ataletan banatuta: kudeaketa, baliabideak, jarduerak, balorazioa eta arrakasta, komunikazioa eta promozioa, eta harreman sareak, parte hartzea eta publikoa. Adibide gisa, parte hartzeari dagozkion honako gomendio hauek ekarri ditugu hona:

  1. Euskal kulturgintzan dabiltzan eragileak espazioan integratu. Sortzaileak, hartzaileak, bideratzaileak, bitartekariak, eta erabiltzaileak oro har, elkarrekin harremanetan jarri eta espazioaren parte bihurtu, definiziotik balorazioetaraino.
  2. Espazioa esperientzia kolektibo bihurtu eta publikoaren parte hartzea bultzatu.
  3. Gertutasuna landu. Euskal jendearen eta euskal kulturaren berezitasun sozialak, ekonomikoak, baliozkoak nahiz historikoak kontuan izan eta garatu behar ditugu gure espazioan.
  4. Euskal kulturgintzan diharduten inguruko espazio eta guneekin harremana izan.

Erantzun