Nafarroako kultur kudeaketako profesionalek BEZ igoera salatu dute

Asteazkena, 2012ko uztailaren 25a

 

Nafarroako Kultur Kudeaketako Profesionalen Elkarteak (APGCNA) prentsa oharra argitaratu du Espainiako gobernuak kultur produktuei ezarri nahi dien BEZ igoera salatzeko. %8 izatetik %21 izatera pasako da, Europako gainerako estatuen artean handiena izango dena.

Hasieran %10 izango zela esan zuten eta kultur sektorea prest agertu zen igoera hori bere gain hartzeko, erabiltzaileak eta kontsumitzaileak pairatu ez zezan. Baina %21eraino handitzeak, lehendik ere aurrekontu murrizketengatik, besteak beste, nahiko jota dagoen sektore kulturala arriskuan jarriko duela esan dute prentsa oharrean, kultur sektoreak ezingo baitu bere gain hartu halako aldea, eta kontsumitzaileak ere zailtasunak izango baititu diferentzia hori ordaintzeko. Kontsumitzaileak jaitsiko diren heinean, BEZ igoerak diru sarrera handiagorik ez duela bermatuko ziurtatu dute.

BEZa %21ean ezarrita, Espainiar Estatua Europako estatu bakarra izango da kulturan BEZ murrizturik izango ez duena. Hauek dira beste estatu batzuetako kulturaren BEZ datuak: Frantzia %7, Grezia %9, Alemania %7, Holanda %6, Portugal %13, Finlandia %9.

Nafarroako gobernuari hainbat eskaera eginez bukatzen du Elkarteak prentsa oharra, hala nola Plan Estrategikoa eta legearen zuzenketa. Eta gaineratzen dute kulturari duen balioa eman behar zaiola. Hau da, krisi garaian kultura ez dela ezinbestekoa baina bai beharrezkoa, kultura humanitatearen eta gizabidearen egile garrantzitsua baita, eta  garapenaren faktore estrategikoa izateaz gain.

Erantzun