Errenterian Kabia Espazio Kreaktiboa sortu dute

Asteazkena, 2012ko abuztuaren 29a

 

Kabia Espazio Kreaktiboa Pontika auzoan dagoen orube batean (Barandiaran parkea izango denean) jarriko den egitura arkitektonikoa izango da, 30×15 metroko azalera edukiko duena. Egitura horren pean egongo da KABIA, sormen eta elkarlanerako espazioa. Egitura bera lauzpabost hilabetez egongo da jarrita, baina Kabia iraunkor izateko bokazioz jaio omen da.

Abiapuntua nahiko argia da: degradatutako dagoen gune bat eraldatuko da auzotarrekin batera, poliki-poliki hiriarentzat erabilgarri izango den leku bihurtu arte.

Donostia 2016Arkitektura Kolektiboak eta Errenteriako Udala dira proiektua sustatu dutenak, baina errenteriar guztientzat irekia den espazioa sortu nahi izan da, eta sortzea du helburu. Berria, aktiboa eta berritzailea da eta guztion parte hartzea bultzatuko du. Horretarako hainbat lantalde osatuko dira lanean hasteko: elkarbizitza, kultura eta sormena, teknologia berriak eta hirigintza, besteak beste.

Proiektu honen helburu nagusia da hiria egiteko beste modu bat badagoela erakustea. Hori lortu nahian hauek dira erabiliko dituzten tresnak: parte hartzea, berdintasuna, eraldaketa, ahalduntzea, berrikuntza, eduki libreak eta auzolana.

Dagoeneko ekimenak egiten ere hasita daude. Esate baterako, abuztuaren 10etik 11ra Summer of Labs 2012 ekimena antolatu du, Arku Atlantikoa izeneko sareak bultzatzen duen ikerkuntza eta sorkuntzarako gune irekien udako ibilbidearen barnean.

Erantzun