Euskal Sortzaileon I. Topaketa Azpeitian

Osteguna, 2012ko ekainaren 21a

 

Ahotseneak Sortzaileon I. Topaketak antolatu ditu Azpeitian uztailaren 2an eta 3an.

Topaketa horrekin elkar ezagutzea, elkarren berri izatea eta horrekin batera gaur egungo egoerari buruz hausnartzea lortu nahi da. Eta zergatik ez, helburu batzuk ere finka daitezke.

Lehen egunean gaur egungo diagnostikoa egingo dute, bakoitzak bere kultura adierazpidetik, bakoitzak bere bizipenetatik. Bigarren eguneko hausnarketan antolaketa jorratuko dute, hots, sortzaileek euren burua nola antola dezaketen.

Euskal sortzaileei buruz ari dira, euskaratik eta euskaraz sortzen dutenak. Ahozko eta idatzizko diziplinetan hitzak dira emaitzaren parte eta hizkuntzaren inguruko eztabaidarik normalean ez da sortzen. Beste sormen mota askotan, ordea, hitza ez da hain modu esplizituan agertzen, eta beraz, askotan zalantza izaten dugu euskal kultura den ala ez esateko. Sormen prozesua zein hizkuntzatan gauzatu den begiratu beharko genuke euskal kulturaz ari garen esateko. Eztabaida horrek askorako ematen du eta gerta daiteke bere lekua izatea topaketa hauetan ere.

Zure burua sortzailetzat baduzu eta sormen hori euskaraz egiten baduzu, gorde data hauek zure egutegian eta hurbildu Azpeitiara. Guztiok daukagu zer esana eta guztion iritzia garrantzitsua izango da. Izena emateko bidali mezua info@ahotsenea.net helbidera.

Gonbitea zabaltzeko deia egin dute antolatzaileek eta guk Kulturagaratik ere gure aletxoa jarri nahi izan dugu.

Erantzun