Idiazabalgo gogoeta prozesu bateratua

Asteartea, 2012ko abenduaren 4a

 

Idiazabalgo herrian gogoeta prozesu bat egin dute kultura, euskara, heziketa eta gazteria arloak ikuspegi oso batetik garatzeko.

Orain arte arlo bakoitzeko batzorde bat zegoen eta bakoitzak bere arloko gaiak landu izan ditu. Dinamika horrek zenbait arazo edo zailtasun sortzen zituen: arloen arteko koordinazio eta elkarlan gutxi, batzordeetan eta lan taldeetan parte hartze txikia, herritarrak informatzeko zailtasunak, norabide gabezia eta ekintzak inertziaz errepikatzea, etab.

Azken lanketa honetan arlo guztiak batera landu ditugu. Irailean hasi eta 12 aste iraun duen prozesua izan da, EMUNen laguntzarekin egin da eta 7 saioren bidez ondorengo emaitza lortu da:

  • Diagnostikoa: kultura, euskara, heziketa eta gazteria arloetako egungo egoeraren azterketa.
  • Norabidea: maila orokorrean eta arlo bakoitzerako iparra, estrategiak eta helburuak.
  • Proiektuak: lehenetsi diren ekintzak eta horiek aurrera eramateko lan taldeak.

Proiektu horien artean gehien nabarmendutakoa koordinazio gunea martxan jartzearen ideia izan da. Gune honek hasieran aipatu diren zailtasunak gainditzeko asmoa izango du, batzorde desberdinak ekidin eta herriko eragileak gune bakarrean, zehaztutako norabideari jarraituz eta proiektu batzuen bueltan elkartuko dituen gunea izango baita.

Aipatu dugun moduan, gogoeta prozesu hau 7 saiotan banatuta egon da. Guztira 30 herritarrek baino gehiagok parte hartu du, bai elkarteetako ordezkari moduan eta baita norbanako moduan ere. Abenduan herritar guztiei egindakoaren berri emango zaie aurkezpen ireki baten bidez, eta bertan zehazten direnak hurrengo artikulu batean azalduko ditugu.

Oraingoan bukatzeko, hemen duzue saioetako hainbat argazki

Erantzun