Igartzaren erabilera definitzeko parte hartze prozesua

Asteazkena, 2012ko uztailaren 4a

 

Igartza monumentu multzoa Beasainen dago. Eraikin historiko garrantzitsuz osatuta dago: 600 urtetik gorako jauregia, errota, burdinola, dolarea eta ermita dira aipagarriak, erdi aroko zubi bat barne. Beasaingo Udalak eraikin eta ingurune guztia berritu du eta gaur egun erabilera ugari ematen zaio, erabilera kultural eta turistikoa batez ere. Baina Igartzaren erabilerarako oinarriak finkatu gabe zeudela iritzita, gaur egungo erabilera zabaldu eta dibertsifikatu zitekeelakoan, eta herritarrek zertarako erabili nahiko luketen kontuan izateagatik, oinarriak herritarren artean finkatzeko garaia zela erabaki zuen Beasaingo Udalak.

Horregatik, maiatzean eta ekainean EMUNen laguntzarekin oinarri horiek definitzen aritu ziren Igartzaren hainbat erabiltzaile: hezkuntzakoak, merkataritza eta turismokoak, eta kultura eta gizarte arlokoak. Horretarako prozesu parte hartzaile bat jarri zen martxan eta bederatzi bilera egin ziren. EMUNek, prozesua dinamizatzeaz gain, Igartzaren edukien inguruko hausnarketa bultzatu zuen.

Parte hartzaileek, oro har, prozesuaren balorazio positiboa egin dute, eta EMUNek ere hala egin du, hainbat hobetzeko ere badauden arren. Udala ere gustura dago prozesuak eman duenarekin. Hurrengo urratsa prozesuaren emaitza eta edukiak herritarrei aurkeztea izango da eta emaitzaren inguruan aurrera begirako erabakiak hartzea. Igartza monumentu multzoaren azken obren inaugurazioan jakinaraziko da prozesuaren emaitza eta orduan jakingo dugu zein oinarri proposatu dituzten eragileek.

Bien bitartean, zorionak prozesuan parte hartu duzuen guztioi, lan gogorra eta bikaina egin duzue!

Erantzun