Tolosako kultur eragileak martxan

Osteguna, 2012ko azaroaren 8a

 

2011ko udaberrian Tolosako Udalak herriko kultur eragileen parte hartzearekin kultura plana definitu zuen. Gipuzkoako Foru Aldundiak lagundutako egitasmoa izan zen, eta hainbat saioren ondoren zer nolako Tolosa nahi zuten erabaki zuten. Plan horri tiraka, 2012an Tolosako Udalak kultur eragileei elkartzen hasteko baliabideak eskaini dizkie.

2011n definitutako planak ipar nagusi bat definitu zuen: Tolosak bereak dituen sormena eta parte hartzea indartu eta garatzea.  Izan ere, Tolosak indartsu dituen bi ezaugarri dira horiek, eta landu ezean gainbehera izan dezaketenak.

Ipar hori ardatz hartuta, lau esparrutan eragin behar zela esan zuten:

  • Koordinazioan: Tolosako kultur ehuna sendotuz.
  • Heziketan: herritarrek kultur ezagutza eta ohiturak barneratuz.
  • Irudian: Tolosako irudi moduan sormena eta parte hartzea zabalduz.
  • Azpiegituretan: Tolosa, bere osotasunean, kultur eszenatoki moduan ulertuz.

 Esparru horien artean lehenbizikoak garrantzia berezia zuela esan zuten parte hartu zuten eragileek, eta Udalak horretan lagundu zezakeela ikusi zuen. Horregatik 2012an kultur eragileak koordinatzeko gunea martxan jartzen laguntzeko dinamizazio lanak eskaini dizkie eragileei, eta apirilaz geroztik hilean behin elkartzen dira helburuak, izaera eta jarduerak definitu eta gauzatzeko.

EMUNen laguntzarekin ari dira lan horretan, eta oraingoz emaitza hauxe eman du:

  • Gunearen helburuak: elkar ezagutzea eta koordinatzea, eragileen arteko elkarlana ahalbidetzea, komunikazioa sustatzea eremu desberdinak gerturatuz eta Udalaren kultur politikan eragitea. Dena den, lehen biek lehentasuna izango dutela erabaki dute.
  • Izaera irekia izango du, dinamikoa eta konprometitua.
  • Hilean behin elkartuta, ekintza hauekin hasiko dira:
  1. Tolosako kultur eragileen datu basea osatu eta zabaldu.
  2. Elkar ezagutzeko ekimenak egin: bilerak leku desberdinetan eta eztabaidarako topaketa antolatu.
  3. Elkar lagundu eta partekatu: bileretan eragile bakoitzak behar duen laguntzarako tartea eskaini.

Gunearen ibilbidea hasi besterik ez da egin, baina dagoeneko ideia gehiago ere badituzte buruan. Beraz Kulturagaratik guztiak animatu nahi ditugu lanean jarrai dezaten eta asmoak egi bihur ditzaten.

Zorionak egiten ari zareten lan guztiagatik!

Erantzun